XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Otsoaren ibilerak Penintsulan

Euskal erakundeek ez dute informaziorik zabaltzen

Joan den urteko azaroan otsoaren (Canis lupus signatus) egoera eta etorkizuna aztertzeko Iberiako Penintsulako Lehenengo Batzarra bildu zen Sorian.

Batzar horretan ospe handiko adituek eta teknikariek hartu zuten parte, talde ekologistekin batera. Aste hauetan CSIC elkarteak, Consejo de Investigación Cientificas delakoak, bilkura horren emaitzak eta ondorioak zabaldu ditu, ugaztun honen egoera hobeto ezagutarazteko; ondorio horietako batzuek eragin zuzena dute edo izan beharko lukete Hego Euskal Herriko administrazioetan.

Nahiz eta azkeneko urteetan aipatutako zabalkundea handiago izan Euskal Herrian, orokorrean animalia honen egoera ez da batere ona.

Aipatu ondorioetan banan-banan aztertu da lurralde bakoitzaren egoera, eta, gehienetan, joera beherantz doa; horren adibide larriena Espainiako Duero Ibaiaren hegoaldean dugu, non dagoeneko espeziea desagertutzat jotzen baita.

Eta hainbat komunitate eta naziotan azaltzen diren datuak ez dira oso baikorrak.

Deigarria da Hego Euskal Herriko informazioak aztertzen direnean: Nafarroan 1996. urteko behaketak bakarrik aipatzen dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko datuetan azken urteetako etengabeko presentzia finkatuta dagoela onartzen bada ere, ez dute ugalketa aipurik eta datu konkreturik ematen.

Bitxia da, ordea jakin badakigulako Araba eta Bizkaia aldean, foru aldundien baimenarekin gehienetan, ia urtero otsoren bat akabatzen dutela, eta, joan den urtean, Enkarterrietan gutxienez otsokume bat hil zutela.

Datu horiek prentsan agertu dira, eta, normalean, filtrazio kutsua izan dute (ikus 1997ko urriaren 5eko Berde Bizi).

Informazio horiek, aldiz, ez dira zabaltzen era ofizial batez, nahiz eta ezaguna izan aipatutako bi foru aldundiek datu gaurkotuak badituztela.

Nabarmena da dagoeneko ezkutatu egin nahi dutela otsoa euskal espezie bat dela, eta, gainera, desagertzeko arrisku larrian dagoela.

Babes gehiagoren beharra

Orokorrean, Batzarraren ondorioak babes eta informazio gehiago behar izatearen ildotik doaz.

Horrela, espeziearen katalogazio berria eskatu dute: Duero ibaiaren hegoaldean desagertzeko zorian bezala eta Iparraldean zaurigarria bezala.

Aldi berean, Europako Batasunari eskatzen zaio otsoa 92/43 direktibaren IV. eranskinean sartzea, euren egoera legala hobetzeko asmoz. Modu berean exijitzen zaie Espainiari eta autonomiei, hor, noski, euskal instituzioak sartuta, otsoa Mehatxatutako Espezieen Katalogoaren barruan sartzea.

Puntu honi buruz Euskal Autonomia Erkidegoak ez du ofizialki onartzen otsoaren presentzia gure artean, eta, horregatik, dagokion katalogoan ez zaio aipamenik ere egiten. Lotsagarria.

Legeetan aldaketak eskatzeaz gain, ondorioetan beharrezkotzat jotzen diren beste neurri batzuk ere planteatzen dira; horietako batzuk erabilgarriak dira Euskal Herrian.

Horrela, artzainei laguntza ekonomikoa eta teknikoa ematea eskatzen da, subsidioen programa bat antolatuz eta indemnizazioak ordainduz.

Basa-ungulatuen kopurua mendietan handitzea, esaterako orkatzak, ona izan baitaiteke artaldeen gaineko presioa gutxitzeko.

Habitat-en suntsiketak saihestea ere garrantzitsua da, esaterako autobideetan pasabideak eginez eta ehiza-hesiak kenduz. Orokorrean, batzarkideek administrazioen kontrola eta exijentzia maila handitzea eskatu dute, eta, horretarako, deialdia hiritarrei eta ekologistei egin diete laguntza eskatuz.

Egoera lurraldez lurralde

Otsoari buruzko batzarrean animalia honen egungo egoera hobeto ezagutzen saiatu ziren. Helburu horrekin dauden estatistikak bildu ziren. Hona hemen eskuratutako datuak:

- Portugal: Duero Ibaiaren hegoaldean asko gutxitu da espeziea: egun zortzi otso-talde gelditzen dira bi zonaldetan. Dueroren iparraldeen otsoa ondo gordetzen da: 45 talde daude.

- Espainia: Dueroren hegoaldean, Andaluzian, Extremaduran eta Gaztela-Mantxan desagertutzat jotzen da. Dueroren iparraldean: Galizian hogei urtetan %30 jaitsi dira erroldak; Gaztela-Leonen eta Asturiasen populazioa mantentzen da nahiz eta zenbait probintziari buruzko informazio gutxi izan, esaterako Burgosen; Kantabrian oraindik ikertzen ari dira; Errioxan egoera ez da ondo ezagutzen; Aragoin otsoen behaketa handitu da, baina ez dago datu zehatzik.

- Hego Euskal Herrian: Nafarroan behaketa esporadikoak; Euskal Autonomia Erkidegoan agertze finkatua baina datu zehatzik gabe.

Datu horiek ikusita, garbi dago batzarraren beste ondorio bat zein izan zen: beharrezkoa da ikerketa sakonagoak eta otsoaren gaineko segimendu handiagoa Administrazioen aldetik, akabatzeko ez bada!